Abanto-Zierbenak “Energy Intelligence Center” eraikitzeko obra-lizentzia eman du

Abanto-Zierbenako Udalak obra-lizentzia eman dio Azpiegiturak enpresari, Ezkerralde-Meatzaldeko Teknologia Parkean Petronorren bulego nagusiak bilduko dituen  “Energy Intelligence Center” (EIC) eraikina egin dezan.

Energia arloko berrikuntza-zentroa den aldetik, etorkizuneko EIC enpresa-kokagune berri horren motorra izango da, eta hamarkada baten buruan, jardun betean dagoenean, bertan 50 konpainia baino gehiago biltzea espero da. Petronorrek 2.000 m2 inguruko esparrua hartuko du EICn, konpainiaren bulego nagusiak nahiz Edinor filialarenak kokatzeko, eta instalazio berri horietan Hidrogenoaren euskal Hubeko enpresa trakziogilea izango da.

Eraikina A-8 autobidearen zortasun-eremuaren barruan dagoenez gero, lizentzia lortu aurretik, nahitaezkoa izan da erakunde hauen baimen sektorialak eskuratzea: Aire Segurtasuneko Agentziarena, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailarena eta Aldundiko Berrikuntza eta Ustiapeneko Zuzendaritza Nagusiarena.

Eraikinak sestra gaineko 4 solairu eta sotoko beste bi izango ditu; 19.872 metro koadro eraikita, guztira. Aurreikusitako inbertsioa 15.902.994 eurokoa izango da aurkeztutako proiektuaren arabera. Energia sortzeko eredu berriak, berriztagarriak eta iraunkorrak, garatzea da planaren helburua. EICren egoitzak abangoardiako diseinua izango du, eta eguzki-instalazio fotovoltaiko berritzaile bati esker, 178,72 kilowatteko potentzia sortu ahal izango du eguzkiaren argiaz baliatuta. Urbanizatzeko eta sarbide berriak gauzatzeko lanak duela urtebete hasi ziren eta eraikinak 24 hilabeteko eraikuntza programazioa izango du.