Bilboko portutik abiatu dira Repsolek eta Ibereolicak Txilen eraiki beharreko lehen parke eolikoko aerosorgailuen nacelleak

Josu Jon Imaz aerosorgailuen nacelleak Bilboko portutik atera aurreko ekitaldian.
Repsolek eta Ibereólica Renovables Taldeak aurrera egin dute, Txilen elkarrekin eraiki beharreko Cabo Leones III izeneko 189 MWeko lehen parke eolikoa gauzatzeko ahaleginean, bertako aerosorgailuen osagai teknologiko nagusiak Bilboko portutik bidali eta joan den abendutik proiektuaren lehen fasea merkataritza-eragiketan sartu ondoren.

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkaria eta Gregorio Álvarez Ibereólica Renovables Taldeko presidentea buru, Bilboko portuan egin da gaur, 110 MWeko gaitasun instalatua izango duen Txileko Cabo Leones III parke eolikoaren bigarren faseari atxikitako 5na MWeko 22 SG-145 aerosorgailuen nacelleak bidali aurreko ekitaldia. Horiexek dira Siemens Gamesak egun jardunean dituen aerosorgailurik indartsuenak eta modernoenak.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua izan da ekitaldiaren buru, eta Miguel Angel Lopez Siemens Gamesako presidenteak ere parte hartu du. Bertan izan dira, halaber, Ricardo Barcala Bilboko Portu Agintaritzako presidentea, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EVE) zuzendari nagusia, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatua, María Victoria Zingoni Repsol Electricidad y Gas enpresako presidentea eta Emiliano López Atxurra, Petronorreko presidentea.

Cabo Leones III parke eolikoa Txileko Freirina udalerrian kokatuta dago, Huasco probintzian, Atacamako hirugarren eskualdean. Guztira, 189 MWeko sorkuntza berriztagarriko gaitasuna izango da, bi fasetan banatuta: 79 MW eta 110 MW.

Parke hau Repsolek eta Ibereólica Renovables Taldeak uztailean sortutako joint venture-aren Txileko proiektu-zorroari dagokio, izan ere, bien arteko portafolioan 1.600 MW baino gehiago dituzten aktiboak daude, eragiketan, eraikuntzan nahiz garapen aurreratuan, eta horien merkataritza-ustiapena 2023ra arte luzatzen da, 2030ean 2.600 MW gainditzeko aukerarekin.

Industriaren alde egitea susperraldi ekonomiko azkar eta egonkorraren alde egitea da. Txileko parke eoliko honek jarduera ekonomikoa sortu du gure herrialdean ere, eta honelako proiektuei esker, eragile garrantzitsutzat finkatu gara isurpenak murrizteko nahiz herrialdearen garapen industrialean laguntzeko ahaleginean”,  adierazi du Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak.