Elías Unzueta: “Hidrogenoa giltzarrizko bektore energetikoa da deskarbonizaziorako”

“Mundu deskarbonizatu batean gure industria-sektorearen lehiakortasuna bermatuko duen eredu ekonomiko eta energetikoa garatzeko erronkari aurre egin behar diogu. Hidrogenoa, energia-bektorea den aldetik, giltzarrizkoa izango da helburua lortzeko”,  nabarmendu zuen atzo Elías Unzueta Petronor Innovacionen kudeatzaileak, CEBEKek antolatutako “BANKINTER HIDRÓGENO” web-mintegi zikloaren lehenengo saioan.

Jardunaldi honen bitartez, enpresei jakinarazi nahi zitzaien hidrogenoak trantsizio energetikorako eta haziz doan deskarbonizaziorako bidean finkatuko duen mugarri estrategikoa eta prozesu horretan beteko duen funtsezko eginkizuna, hidrogeno berdea energia berriztagarritzat nola erabiltzen ari den argitzeaz gain.

Testuinguru honetan, Petronor Innovacionen kudeatzaileak hizlari bezala parte hartu zuen jardunaldian, Hidrogenoaren Euskal Korridorea deritzon “balio-katean txertatutako proiektu integratzailea eta bizia” ezagutzera emateko. Unzuetak hidrogenoaren ekonomiaren egungo egoera aztertu, eta deskarbonizaziorako giltzarrizko bektore energetikoa bihurtzeko eskaintzen dituen gakoak aipatu zituen. Hidrogeno berriztagarriaren merkatuari eta lehiakortasunari buruz ere hitz egin zuen, “2020-2030 hamarkadan eskalako ekonomiak sendotuko dituen”  lankidetza publiko-pribatuaren alde egitearen garrantzia azpimarratuz.

Era berean, Elías Unzuetak hainbat ekimen errepasatu zituen proiektuaren sei bertikaletan: H2 eta e-fuelen Ekoizpena, Mugikortasuna eta Logistika, Industria eta Bizitegi arloetako Erabilera, Azpiegiturak, Garapen Teknologiko Industriala eta Zeharkako Ekimen Motorrak.