Hidrogenoaren Euskal Korridoreak 78 enpresa eta erakunde inplikatzen ditu Petronor eta Repsolen eskutik

Hidrogenoaren Euskal Korridorea osatzen duten enpresa zein erakundeen ordezkariak, gaur goizean.
Hidrogenoaren Euskal Korridorea, BH2C, Petronor eta Repsolen eskutik sortu da, energia, mugikortasuna, industria, zerbitzuak eta bestelako sektoreen deskarbonizazioan aurrera egiteko.

“Euskadi oinarri duen, eta energiaren, industriaren, bizitegien eta mugikortasunaren sektoreen deskarbonizazioan aurrera egitea ahalbidetuko duen hidrogenoaren ekosistema sortzea da helburua”, azaldu du José Ignacio Zudaire proiektuaren koordinatzaile eta Petronorreko Giza, zein Antolaketa, Erakunde Harremanen eta Ekonomia Sailaren zuzendariak.

Proiektua aurrera ateratzeko 1.300 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da 2026ra arte, eta zuzeneko 1.340 lanpostu nahiz zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sorraraziko ditu.

“Hidrogenoa ezinbesteko elementua da trantsizio energetikorako eta klima-aldaketaren aurkako borrokarako, eta beharrezkoa da esparru horretan jarrera estrategikoa izatea, Euskadik parte hartu ahal du eta behar du”, esan du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak.

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen jatorritzat jo behar da Repsolek Euskadin trantsizio energetikoan aurrera egiten lagun dezaketen proiektuetan inbertitzearen alde hartutako erabaki estrategikoa, 2050ean zero isurpen garbi duen konpainia bihurtzeko asmoz. Gainera, Petronorrek Euskadi hidrogenoaren Hub bihurtzearen aldeko apustua egin du, ekonomia produktibo berderantz biratuz, behin-betiko.

Ildo horretatik, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak azpimarratu duenez, “Euskadi beti izan da protagonista Espainiako industria energetikoan. Bere indar indar teknologikoa eta industriala energia funtsezko osagaia zen sektoreetan berrikuntzaren aldeko apustua egin zuten belaunaldien kemenetik etorri da. Petronor horren adibide bizia da “. Gainera, gogorarazi duenez, “Atlantikoko euroeskualde baten ardatz tekno industriala gara, etorkizuneko Europar Batasun Energetikoan pisu eta protagonismo esanguratsuak lortzeko erronkarekin. Eta, batez ere, ardatz atlantikoa eta Ebroren ardatza Europako proiekzioan artikulatzen dituen nodoa gara “.

Hartara, gaur, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen partzuergoa eratu da, 78 entitateren parte-hartzeari esker: 8 erakunde, 12 ezagutza-zentro eta enpresa-elkarte, eta 58 enpresa. Proiektuaren oinarrian dagoen estrategia integralak balio-kate osoari dagozkion 34 proiektu bildu ditu, produkzio-sarea eraldatzen eta industriak gure ekonomian duen pisuari eusten laguntzeko asmoz.

Gaur eratu den Hidrogenoaren Euskal Korridorea bi fasetan garatuko da; horietako lehena abian da eta 2026an amaituko da. Aurreikusitako inbertsioa 1.300 milioi eurokoa da, eta horren bitartez, urtean 20.000 tona hidrogeno berriztagarri ekoitziko dira, 1,5 milioi tona CO2 isurtzea saihestuz.

Hasierako urte hauetan, inbertsioaren helburua hidrogeno berriztagarriaren ekoizpena, azpiegiturak eta Hidrogenoaren Euskal korridorea hedatzeko behar diren aplikazioak garatzea izango da.

Alde batetik, nabarmentzekoa da, hidrogeno berdearen ekoizpenean, 11 MWeko gaitasun instalatua lortzeko egingo den 650 milioi euroko inbertsioa, hiru instalazioren eraikuntzaren bidez. Horietako lehena, Petronorrekoa, 2022an jarriko da abian eta Abantoko Teknologia Parkea hornituko du, 2 MWeko potentziari esker. Bigarren instalazioa (Petronor, EVE eta Enagasena) Bilboko Portuan abiaraziko da 2024an, 10 MW izango ditu, eta bere ekoizpena erregai sintetikoak ekoizteko lantegia hornitzeko erabiliko da. Hirugarren instalazioa 2025erako abiaraziko da, 100 MW izango ditu, eta Petronorren ekoizpen-prozesua deskarbonizatzeko nahiz Korridorearen horniketa-beharrak estaltzeko erabiliko da.

Gainera, hiri-hondakin solidoetatik abiatuta hidrogenoa ekoitziko duen biogasa fabrikatzeko instalazioa sortuko da.

Era berean, 250 milioi euro beharko dira balio-kate osoaren garapen teknologiko eta industriala eta digitalizazioa bultzatzeko, eta 50 milioiko inbertsioa mugikortasun, bizitegi eta industria sektoreei zuzendutako hidrogenoaren aplikazioak ikertzeko.

Bideo baten bidez, Raúl Blanco Estatuko Gobernuko Industria eta ETEen idazkari nagusiak esan du Hidrogenoaren Euskal Korridorea ekimen “gogoangarria” dela, “Energia eta hidrogenoa funtsezkoak direlako bizi dugun eraldaketa honetan”.

Prentsa oharra, hemen.