Repsolek 2020an 600 M€-ko emaitza garbi doitua lortu eta konpainiaren eraldaketa bultzatu zuen trantsizio energetikoa bizkortzeko

“2020an, aurrekaririk ez duen egoerari aurre egin eta konpainiaren etorkizuneko oinarriak finkatu ditugu. Gure proiektuaren sendotasuna frogatu dugu berriz ere, funtsezko zerbitzu publikoaren eginkizuna bete dugu eta oraingoan ere argi utzi dugu gurea enpresa baliagarria dela gizartearentzat”,  adierazi du Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak Konpainiaren emaitzen berri emateko ekitaldian.

Repsolek 600 milioi euroko emaitza garbi doitua lortu zuen 2020ko ekitaldian. Konpainiaren negozioen jarduna beren-beregi neurtzen duen aldagai horren arabera, emaitza positiboa lortu zuten, osasun-krisi globalak markatutako ingurune konplexua gorabehera. Portaera on hori negozio guztietako eragiketen kutxa-fluxu positiboan ere islatu zen, talde osorako 3.197 milioi eurokoa izan zelarik.

Ekitaldiak Covid-19ak eragindako aurrekaririk gabeko krisi globala izan zuen protagonista, eta horren aurrean, Repsolek lehentasuna eman zion funtsezko zerbitzu gisa bete behar duen eginkizunari, instalazioak martxan mantenduz eta gizartearentzat ezinbestekoak diren produktu eta zerbitzuen hornidura bermatuz.

“Industriak argi utzi du espainiar ekonomiaren bizkarrezurraren osagaia dela, baita motor nagusietakoa ere. Horren harira, funtsezko eginkizuna du krisiaren ondorengo susperraldian nahiz mundu deskarbonizatuagoa lortzeko helburuan, eskuragarri dauden teknologia guztien laguntzaz”,  azpimarratu du Imazek.

Konpainiak azaroaren 26an aurkeztu zuen 2021-2025eko Plan Estrategiko berriak datozen urteetan gauzatu beharreko eraldaketa zehaztu eta trantsizio energetikoa modu errentagarrian bizkortzeko aukera emango dio, akziodunentzako balioa maximizatuz. Plan horri esker, Repsolek aurrera egingo du 2050ean zero isurketa garbi izateko helburuan.

Xede horrexeri begira, Repsolek hainbat ekimen abiarazi zituen iazko ekitaldian, hala nola, Petronorren findegian garatuko dituen deskarbonizazioaren arloko bi industria-proiektu berritzaileak, Cartagenan kokatuko den bioerregai aurreratuak ekoizteko Estatuko lehenengo lantegia, penintsula osoan aktibo berriztagarriak garatu eta abian jartzea penintsulan, edota negozio honen nazioarteko hedapena, Txilen joint-venture bat sortuz.

Petronorren bi proiektuei dagokienez, lehenengoa, hidrogeno berriztagarritik abiatuta zero isurpen garbi duten erregai sintetikoak ekoitziko dituen munduko instalaziorik handienetakoa izango da, eta bigarrena hiri-hondakinez baliatuko da gasa sortzeko.

Hidrogeno berriztagarria hazkunderako bektore argia da Repsolentzat, eta ildo horretan, Iberiar Penintsulako ekoizpena lideratu nahi du 2025ean 400 MWren baliokidea lortuz, 2030ean 1,2 GW gainditzeko asmoz. Repsolek H24All proiektua aurkeztu zuen 2021eko urtarrilaren amaieran, Europako 100 MWeko elektrolizatzaile alkalinoen lehen instalazioa garatzeko, Petronorren findegira konektatuta. Repsol buru duen hamabost erakunderen arteko partzuergoak finantzaketa-eskaera aurkeztu zuen European Green Deal deialdiaren barruan.

Nazioarteko erreferentziazko lehengaien kotizazioan izandako jaitsierak -978 milioi euroko eragin negatiboa izan zuen Repsolen urte osoko inbentarioen balorazioan. Gainera, munduko egoerari erreparatuta eta finantza arloan zuhurtziaz jokatzeko premiak bultzatuta, konpainiak petrolio zein gasaren etorkizuneko prezioei buruzko hipotesiak berrikusi eta beherantz doitu zituen Esplorazio eta Ekoizpeneko aktiboen balioa, -2.911 milioiko berariazko emaitzak lortuz. Horren bitartez, 2020ko emaitza garbia -3.289 milioi eurokoa izan zen.

Mundu mailako pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko, Repsolek Erresilientzia Plana abiarazi zuen martxoaren 25ean, eta horren barruan, kutxa-sorkuntza sendotzeko eta balantzea indartzeko ibilbide-orri espezifikoa ezarri zuen. Neurri horien aplikazioa erabakigarria izan zen, urtean 1.979 milioi euroko kutxa-fluxu libre positiboa sortzeko, eta horri esker, ekitaldian zor garbia % 28 murriztea lortu zen, 1.178 milioi euro gutxiago alegia, 3.042 milioitan kokatu arte.