Repsolek eta IBILek energia-biltegiratzea duen ibilgailu elektrikoentzako lehen birkarga gunea garatu dute

Energia-biltegiratzea duen ibilgailu elektrikoentzako lehenengo birkarga-gunea, Tolosan.
Repsolek eta IBILek energia-biltegiratzea duen ibilgailu elektrikoentzako lehenengo birkarga-gunea garatu dute. Estatuan publikoari zerbitzua eskaintzen lehena da, zehazki, Repsolek N-I errepidean duen zerbitzugunean, Tolosa herritik igarotzean.

Ibil enpresak (Repsolen eta Energiaren Euskal Erakundearen partaidetza duen enpresak) egindako proiektu teknologiko eta industrial honek 50 kWeko birkarga-guneen instalazioa sinplifikatu eta erraztu du, behar besteko potentzia elektrikorik ez duten lekuetan edota, sareko inbertsioaren kostuen ondorioz, bestelako alternatibak bideragarriak ez diren lekuetan. Horrez gainera, % 70 murrizten du sareak zerbitzua emateko behar duen potentzia; ia edozein lekutan kokatzeko aukera ematen du, biltegiratze-moduluak behar duen espazio txikiagatik; % 50eraino murrizten ditu azpiegituraren eragiketa-kostuak; eta bigarren bizia ematen die autobus elektrikoen bateriei, ekonomia zirkularra eta iraunkortasuna sustatuz.

Tolosako birkarga-gune berri hau Repsolen birkarga elektrikoaren sareari atxiki zaio. 250 birkarga-gune publiko baino gehiago ditu, karga azkarreko 70 gune barne, gehienak zerbitzuguneetan, eta horrek guztiak zerbitzuguneetako karga azkarreko lider bihurtu du konpainia multienergetikoa. Gainera, iberiar penintsulan abiarazitako birkarga ultra-azkarreko lehen bi guneak, 2019an Repsolek Ugaldebietan (Bizkaia) eta Lopidanan (Araba) dituen zerbitzugunean instalatutakoak, barne hartzen ditu.

Estatuko industrian erreferente bihurtu den proiektu honek Irizar, Ingeteam eta Cidetec enpresen kolaborazioa izan du. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izan du, Hazitek eta SmartMobility Industry I+G arloko laguntza-programen bitartez, hurrenez hurren.