Arturo Fernández: “Lehenengo helburua hidrogeno deskarbonizatu lehiakorra lortzea da”

Arturo Fernández.
Arturo Fernández Petronorreko Berrikuntza kudeatzaileak Adegik antolatutako web-mintegietako batean parte zuen atzo, eta online eskaini zuen hitzaldian, hidrogenoak industriari eskaintzen dizkien aukerak, Hidrogenoaren Euskal Korridorea eta Repsol-Petronorrek abian dituzten hidrogenoaren inguruko proiektuak aztertu zituen. Horren harira, argi utzi zuen  “lehendabiziko helburua hidrogeno deskarbonizatu lehiakorra lortzea dela. Kontuan izan behar da industria-sektorearen deskarbonizazioa ezinbestekoa dela lanean jarraitzeko, baina modu lehiakorrean egiten ez bada industria horrek ez du etorkizunik izango”.

Atzoko jardunaldia barne duen sei web-mintegien zikloak Gipuzkoako enpresei jakinarazi zien zertan diren hidrogenoaren bizi-zikloaren inguruko teknologiak, hauen aplikazioak eta enpresei eskaini ahal dizkieten industria arloko aukerak. Hitzaldian, Fernándezek dagokion testuinguruan kokatu zituen hidrogenoaren egungo unea eta azken urtean sortu den gogo bizia, eta berariaz nabarmendu zuen, klimaren inguruko ingurumen zein politika arloetako estrategietan finkatu diren deskarbonizazio-helburuak lortzeko giltzarrizko osagaitzat identifikatu izanaren ondorioz, berariazko estrategiak garatu direla energia-bektore berri honetarako.

Hidrogenoak hainbat sektoretako amaierako energia-kontsumoetan duen eraginaz zenbait azterlanetan bildutako emaitzak errepasatu ondoren, hidrogenoaren ekonomia modu iraunkorrean sendotzeko beharrezkoak diren palankei buruz hitz egin zuen. Jarraian, Espainiako hidrogeno berriztagarriaren ibilbide-orriaren 2030eko ikuspegian ezarritako helburuak azaldu zituen, industrian sartzean ezarritako asmo handiko helburuak nabarmenduz, energia-erabilerak deskarbonizatzeko eta lehengai gisa erabiltzeko.

Hidrogenoaren Euskal Korridorea eta Euskadiko industria-sareari eskaintzen dizkion aukerak izan ziren hitzaldian aztertu zituen beste gai nagusietako batzuk; bere hitzetan  “gure industria-haranaren proposamena teknologiaren garapenaren osagaiagatik nabarmentzen da, teknologiaren erabileran pisua duten beste proiektu batzuekin konparatuz”.

Azkenik, ezagutzera eman zuen Repsolek hidrogenoaren arloan abian duen estrategia, hidrogenoak konpainiaren instalazioen eraldaketan duen eginkizunari lotuta,  “prozesuen eta produktuen deskarbonizazioan egiten duen ekarpenagatik”.  Horrekin batera, erregai sintetikoen proiektua aipatu zuen eraldaketa ekarriko duen ekimen bezala eta Repsol TECHLAB-k lantzen duen Sun2Hy proiektua ere aipatu zuen.