“Europaren periferian basamortu ekonomiko modura ez geratzeko” hidrogenoaren balioa azpimarratu du López Atxurrak

Emiliano López Atxurra.
Petronorreko presidente Emiliano López Atxurrak gaur goizean ETB-1eko ‘Egun on Euskadi’ saioan adierazi duenez, “euskal ekonomia beti dago lotuta Europarekin”  eta  “hidrogenoaren azpiegiturak Erdialdeko Europan sortzen ari direnez Euskal Herriak horiekin lotu behar du, basamortu moduan ez geratzeko hidrogenoa eta gasa baliatuta”. “Alternatiba periferian geratzea da eta hori gertatzen bazaigu ez daukagu etorkizunik”,  ohartarazi du.

Alarma Egoera estrainekoz ezarri eta etxealdia abiatu zenetik urtebetera, iazkoa Petronorrentzat ere “oso urte txarra”  izan zela azpimarratu du, “mugikortasuna kolpetik jaitsi”  zelako mundu osoan, oraindik soka luzekoa den egoeran. Jazotakoa “katarroa”  beharrean ekonomiarentzat “pulmonia”  izan dela gehitu du oso modu grafikoan. Hala, aurrera begira “eraldaketa”  beharrezkotzat jo du, konpainiak orain arteko “muskulatura”  manten dezan.

Petronorren “eginkizun ekonomikoak eta produktiboak”  euskal ekonomian duen garrantzia gogorarazi ostean, “Bizkaian zerga bidez jasotakoaren %12 ingurukoa”,  López Atxurrak adierazi du pandemia sasoian ere enpresak gogotik egin duela lan, etorkizuneko bere “estrategiak eta inbertsioak finkatzen”,  batik bat hidrogenoaren eta sorkuntza banatuaren inguruan. Izan ere, enpresa energetikoek ezinbestean “monokultibotik”  jauzi egin behar dutela iritzi dio, “multienergetiko” bihurtzeraino.

Petronor-Repsolen hidrogenoaren proiektuaren atzean azterketa sakon bat dagoela gehitu du López Atxurrak, Europako Batzordeak eta Alemaniak 2050era begira zero isurien aldeko apustua egin ondoren. Agertoki horretan, energia nuklearra baztertzea erabaki eta gero,  “hidrogenoa da energia bakarra industriaren zein lur, itsas eta aire bidezko logistikaren deskarbonizazioa eta energia pilaketa lortzeko”.