INDEUSek 2021rako erronkak finkatu ditu euskararen erabilera industria arloan sustatzeko

INDEUSen Batzar Orokorra, telematikoki.
INDEUS, Industriaren Euskal Plataforma, bere Batzar Orokorra izan zuen pasa den ostegunean, telematikoki, iazko jardunari gainbegiratua eman eta 2021eko erronkak finkatzeko. Bertan bildu ziren Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Aitor Urzelai, Spriren zuzendari nagusia ekimeneko kide diren enpresetako ordezkariekin, haien artean Petronor. Gainera, INDEUSekin bat egin dute aurten Araba, Bizkaia zein Gipuzkoako foru aldundiek.

2020ko balantzea egiterakoan, pandemiaren eragina nabarmena izan da INDEUSen jardunean, gainerako jardun guztietan bezala. Hala ere, Plataformak ez du atsedenik hartu eta lanean jarraitu du urtean zehar, Lantaldeek eta Batzorde Eragileak egindako bilera eta mintegietan.

2021ari begira, iaz gertatutako moteltzea atzean utzi eta ekimenari bultzada eman beharra azpimarratu zuten batzarrean parte hartu zutenek, ahalegin berezia eginez enpresa berriak erakartzen, INDEUSeko enpresen artean esperientziak partekatzen, eta eragile desberdinekin lankidetza bultzatzen.