Bilboko Koralaren Haurren Abesbatzak kontzertua eskainiko du Muskizen

Kontzertuaren kartela.
Bilboko Koral Elkarteko Haurren Abesbatzak doako kontzertua eskainiko du igandean, ekainaren 27an, Muskizko Meatzari Aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Petronorren eta Bilboko Koral Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan sartzen da kontzertu hau, mota honetako kultura-jarduerak sustatzeko helburuz sinatua.

José Luis Ormazabalen zuzendaritzapean eta Alberto Sáez pianoan, Bilboko Koralaren haurrek “Uso Zuria”, “Akerra ikusi degu”, “You ‘ve got a friend”, “Al sholsha d’ varim” edo “Baloo baleerie” abestiak, besteak beste, kantatuko dituzte, bertaratutako guztien gozamenerako.

Musika korala da Bilboko Koral Elkartearen izateko arrazoia 1886tik. Kantua adin goiztiarrenetatik indartzeko asmoz, 1984an Haurren Abesbatza sortu zuen Gorka Sierraren eskutik, eta 1994an José Luis Ormazabalek hartu zuen bere lekukoa. Talde gaztea ohikoa da Euskal Herriko kantu koralaren eszenan, dela a capella kontzertuetan, dela mota askotako ikuskizunetan, Brittenen War Réquiem lanean, kasu, Calixto Bieitok zuzendua, baina baita hemendik kanpokoan ere: berriki, Ravennako Teatro Alighierin aritu da, Marseillako Ballet Nazionalarekin batera, hala nola Madrilgo Auditorium Nazionalean eta Teatro Realen, Bartzelonako Palau de la Músican, Sevillako La Maestranzan, etab. Horrez gain, EOS eta BOS tokiko orkestrek lagunduta abestu izan du, eta hainbat lanen estreinaldietan parte hartu du: Zeru urdinetik, B. J. Berstelmeierrena; edo Cantata Euskadi, C. Bernaolarena; besteak beste.

Halaber, Estatuko orkestrekin batera abestu izan du, JONDE, ONE eta Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin, kasu, bai eta nazioartekoekin ere: Royal Philharmonic Orchestra eta Mariinsky Antzokiko Operako Orkestra, besteren artean, errepertorio sinfonikoari edota operakoari helduta.