Hidrogenoaren Euskal Korridorea, Europar Batasuneko Hidrogeno Haranetako bat

José Ignacio Zudaire, gaur goizean, bere hitzaldian zehar.
Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C) Europako Hidrogeno Haranen Plataformaren barruan Hidrogeno Haranetako bat dela aitortu du Europar Batasunak, honela urratsak emanez Euskadi hidrogeno berriztagarriaren balio-katearen garapenean erreferente bihurtzeko.

Euskadin hidrogenoaren ekonomiaren arloan egindako zenbait ekimenen aurrerapena berrikusteko eta berreskuratze-funtsen egoera zein Europako beste lankidetza-aukera batzuk ezagutzeko xedez, Energiaren Klusterraren Hidrogenoaren Foro Sektorialaren bigarren bilera egin da gaur, BECen. Batzarra Petronorrek koordinatu du, eta ACICAE, ACLIMA, FLUIDEX, FMV, MAFEX, MLC ITS eta SIDEREX elkarteekin lankidetzan antolatu da.

José Ignacio Zudaire Hidrogenoaren Euskal Korridorearen koordinatzaileak parte hartu du BH2C-ren barruan lortutakoa ezagutzera emateko, eta bi proiektu berri gehitu direla nabarmendu du: hidrogenoaren ekoizpena HHStik lortutako biogasaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundia buru eta Petronorren laguntza duena, besteak beste; eta hidrogenoa gatz-leizeetan biltegiratzea, Repsolek bultzatutakoa, EEE eta Enagasen laguntzaz.

Zudairek Estatuan eta Europan egindako dibulgazio jarduerak ere aipatu ditu, batez ere laguntza programetara bideratutakoak, “funtsezkoa da proiektuak Europan ondo aurkeztea”. Hidrogenoaren Euskal Korridorea Europako Hidrogeno Haran gisa aitortzeari dagokionez, “Europan bere posizioa lortzen joateko”  garrantzia azpimarratu du.

BH2Cren hurrengo helburuen inguruan, Zudairek hurrengoa adierazi du: “aurrera egiteko kudeaketa muskulua behar da eta, gainera, aliantzak indartu behar dira Estatuan eta Europan. Proiektu on batetik abiatu behar gara, gero Europako proiektu sendoen punta izateko, europar bazkide indartsuak bilatu behar ditugu”.