Langile berriak trebatzea da helburua. “Erretiroa hartu zuten lau langile berreskuratu genituen, findegiko langile berrientzako ikastaro batzuetan lagun ziezaiguten”, azaldu du Maximok, baina ekimena haziz joan da, eta egun, horretan parte hartzen dute erretiratzeko bi urte geratzen zaizkien langileek. “Honela, haien ezagutza enpresan mantentzen saiatzen gara, haien karreraren aitorpena egiteaz gain”. Hartara, findegiko lan askok nolabaiteko esperientzia eskatzen dute: langileak ez dira bakarrik geratzen zazpi hilabeteko gainbegiratutako praktikak egin arte.
Petronorren instalazioetan 1.000 pertsona inguruk lan egiten dute, hainbat belaunalditakoak, “eta honek, zalantzarik gabe, konpainiaren lana aberasten du. Bestela, iraganera ainguratutako industria izango ginateke, hondamendira kondenatua”, gaineratu du Dominguezek.
Gizartean sartuz doazen belaunaldi berriek “aurrekoek baino ezagutza eta ikasketa zabalagoak dituzte, baina bagajea falta zaie”, adierazi du pertsonen koordinatzaileak. Petronorrek datozen urteotan gehien eskatuko dituen profilen artean, ohiko mekanikarekin eta fluidoen mekanikarekin lotutakoak aipa daitezke, baita argiketariak eta galdaragileak ere, besteak beste.