Máximo Domínguez: “Ezagutza mantendu behar da, ezin da guztiarekin hautsi”

Euskal industriako langileen erdiek erretiroa hartuko dute 2030erako, eta honek zailtasunez betetako belaunaldi-aldaketa ekarriko du, izan ere, urtean 10.000 langile hartu beharko lirateke etorkizuna ziurtatzeko. Testuinguru honetan, Maximo Dominguez Petronorreko Pertsonen eta Talentuaren arloko koordinatzaileak argi utzi du El Correo egunkariak egindako erreportaje batean, findegia moldatuz eta teknologia berriak txertatuz doan izaki bizia dela,  “baina horrek ez du esan nahi guztiarekin hautsi daitekeenik. Metodologia eta ezagutza jakin batzuk beren horretan mantendu behar dira”. Horretarako, duela bi urte, Petronorrek “Tutoreen Kluba” abiarazi zuen, aitorpen profesionala lortu duten enpresako pertsonen parte-hartzeaz, langile berriei eragiketa arloko estandarrik onenak helaraz diezaizkieten.

Langile berriak trebatzea da helburua. “Erretiroa hartu zuten lau langile berreskuratu genituen, findegiko langile berrientzako ikastaro batzuetan lagun ziezaiguten”,  azaldu du Maximok, baina ekimena haziz joan da, eta egun, horretan parte hartzen dute erretiratzeko bi urte geratzen zaizkien langileek. “Honela, haien ezagutza enpresan mantentzen saiatzen gara, haien karreraren aitorpena egiteaz gain”.  Hartara, findegiko lan askok nolabaiteko esperientzia eskatzen dute: langileak ez dira bakarrik geratzen zazpi hilabeteko gainbegiratutako praktikak egin arte.

Petronorren instalazioetan 1.000 pertsona inguruk lan egiten dute, hainbat belaunalditakoak, “eta honek, zalantzarik gabe, konpainiaren lana aberasten du. Bestela, iraganera ainguratutako industria izango ginateke, hondamendira kondenatua”,  gaineratu du Dominguezek.

Gizartean sartuz doazen belaunaldi berriek “aurrekoek baino ezagutza eta ikasketa zabalagoak dituzte, baina bagajea falta zaie”,  adierazi du pertsonen koordinatzaileak. Petronorrek datozen urteotan gehien eskatuko dituen profilen artean, ohiko mekanikarekin eta fluidoen mekanikarekin lotutakoak aipa daitezke, baita argiketariak eta galdaragileak ere, besteak beste.