Repsolek eta Talgok hidrogeno berriztagarrizko trena bultzatuko dute

Tomás Malango, Repsoleko Hidrogenoko zuzendaria; Juan Abascal, Repsoleko Industria Eraldaketa eta Ekonomia Zirkularreko zuzendari exekutiboa; Carlos Palacio Oriol, Talgoko presidentea; Emilio García, Talgoko Berrikuntzako zuzendaria; eta Emiliano López Atxurra, Petronorreko presidentea.
Repsolek eta Talgok hidrogeno berriztagarria erabiltzen duten trenak sortzeko proiektuak bultzatuko dituzte elkarrekin, Iberiar Penintsulan isurpenik gabeko tren bidezko garraioa sustatzeko asmoz. Halaxe jaso da bi konpainiek gaur, tren-fabrikatzailearen Las Rozas herriko (Madril) lantegian sinatu duten akordioan. Sinaketan parte hartu dute Juan Abascal Repsoleko Industria-Eraldaketa eta Ekonomia Zirkularreko zuzendari exekutiboak eta Carlos Palacio Oriol Talgoko presidenteak. Ekitaldian izan da, halaber, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidentea.

Repsol da egun Espainiako hidrogeno-ekoizle nagusia. Cartagenan kudeatzen du Europako hidrogeno-instalaziorik handiena eta hainbat proiektu hedatzen ari da jardunean diharduen industriagune ugarietan hidrogeno berriztagarriaren Iberiar Penintsulako erreferente bihurtzeko.

Bestetik, Talgok abian du dagoeneko hidrogenoa nahiz katenaria erabiltzen duen tren duala garatzeko proiektua, aurtengo azaroan martxan jartzeko asmoz, eta Petronorrek eta Repsolek aurtengo otsailean aktibatu duten Hidrogenoaren Euskal Korridorea deritzon ekimeneko kidea da.

Bi konpainien arteko aliantzak hidrogeno berriztagarriaren trena errealitate bihurtzeko soluzio integrala eskainiko du. Talgo Distantzia Ertaineko eta Aldirietako tren autopropultsatu berriak diseinatu, fabrikatu eta abian jartzeaz arduratuko da eta Repsolek hidrogeno berriztagarria ekoizteko azpiegitura eskainiko du, konpainiaren logistikarekin batera, trenbide-sarearen horniketa bermatzeko.

Lankidetza honek, Gobernuak urrian onartu zuen Hidrogenoaren Ibilbide-Orrian zehaztutako helburuetako bat lortzen lagunduko du, izan ere, 2030erako hidrogeno berriztagarriaz propultsatutako bi tren-linea komertzial izatea du xede.