“Maitena” etorkizunerako entzungai berriro

Maitenaren berreskurapenaren sustatzaileak talde artistikoarekin batera, gaur, aurkezpenean.
Bilboko Koral Elkarteak, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) eta bakarlari-talde zaindu batekin batera, euskal antzerkigintza lirikoko lehen operetako bat entzunaraziko du berriro: Maitena. Mende batez ahaztuta egon ondoren, Maitena, pandemia-garaian grabatua, berriro entzungo da Petronorren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Inaemen laguntzari esker.  

Elias Unzueta Petronor Innovación-eko gerenteak azaldu duenez, ekimena  “ingeniaritza akustikoko proiektu bat da, tradizioa eta berrikuntza bateratzen dituen proiektu bat, eta emaitza oso ona izan da. Petronor bezala, hor egongo gara, Euskal Opera oso lerrokatuta baitago gure ikuspegiarekin eta balioekin “. 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Petronorri,  “gure kulturak erakundeak, sortzaileak, entzuleak eta babesleak behar dituelako, eta Petronor bezalako enpresa baten babesa izatea garrantzitsua da gure kultura sortu eta zabaltzeko”. 

Miren Urbieta-Vega sopranoa, Mikeldi Atxalandabaso tenorra, Marifé Nogales mezzosopranoa, José Manuel Díaz baritonoa, Fernando Latorre baxua, Javier Tomé tenorra, Estíbaliz Sánchez sopranoa eta Alberto Abete tenorra, Ruben Fernández Aguirreren aholkularitzarekin eta Iker Sánchezen zuzendaritzapean, ordu eta erdiko musika-lana gauzatzea lortu dute, Ibs Classicalek ekoitzitako CD bikoitzean, entzulea XX. mendearen hasierako Lapurdiko landa-eremura eramango duen horretan. Era berean, Charles Colinen eskuizkribuan oinarrituriko partitura berreskuratzeko, Ángel Brizen lana ezinbestekoa izan da, baita Joxemari Iturralderena eta Nora Francorena ere Étienne Decrepten testua berrikusteko eta transkribatzeko orduan.

Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez,  “Maitenaren grabazioa gure ondare historiko musikala aberasten laguntzen duen proiektu garrantzitsu baten lehen fruitua da. Gure kultura eta hizkuntza indartzen duen proiektua da, eta euskarazko ondare lirikoa aldarrikatzeko modua “. 

Maitena Euskal Opera proiektuaren barruan berreskuratu den lehen lana da. Ondarea berreskuratzeko proiektu honek euskal errepertorio lirikoko partitura oso garrantzitsu bat balioesten du, musikologo askok mugarritzat jotzen dutena eta, orain arte erregistratu gabe zegoenez, oso gutxik entzuna zutena. Zentzu honetan, Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaileak honako hau aipatu du:  “Maitena 1909an estreinatu zenean, norbaitek esan izan balu 100 urte baino gehiago geroago partitura hori grabatuko zutela eta espektatiba handia sortuko zuela, uste dut Charles Colin konpositoreak eta abesbatzaren zuzendaritzak ez ziotela sinetsiko”.

Maitena-ren CDa Ibs Classical diskoetxearen katalogoan eta, irailaren 12tik (igandea) aurrera, 19,95 euroan, Deia egunkariaren bidez lortu ahal izango da. Banaketa digitala, ostera, irailaren 24an aurkeztuko da nazioarteko hogeita hamar atari baino gehiagotan, besteak beste Spotify, Naxos, YouTube, iTunes, Google play eta eclassical nabarmenetan.

Bideoa, hemen eta hemen.

Bilboko Koral Elkarteak Maitenari buruz egindako bideoa, hemen eta hemen.