Petronorrek Alba sortu du, deskarbonizazioaren arloko jarduera guztiak bilduko dituen enpresa berria

Petronorrek enpresa bat sortu du deskarbonizazioarekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako jarduera guztiak biltzeko. Alba Emission Free Energy S.A. deritzon enpresa berria Petronorren filiala izango da %100 eta haren egoitza Bizkaian kokatuko da.

Honela, 0 Km-ko eguzki-energiaren arloko jarduerek, hidrogeno berriztagarriko proiektuek eta mugikortasun jasangarriak ingurune propioa izango dute garapena bultzatzeko eta aliantzak eta sinergiak indartzeko.

Energia iraunkorraren sorkuntzaren eta energia garbi berria ekoiztearen aldeko apustua modu argi eta irmoan bultzatzea da Albaren helburua, Repsolek eta Petronorrek ezarritako ibilbide-orriaren arabera. Bide horretan, berrikuntza eta teknologia giltzarrizkoak izango dira trantsizio energetikorako.

Aurrerantzean, Alba enpresatik bultzatuko dira deskarbonizazioaren arloko ekimen berriak, eta horien artean, honako hauek nabarmen daitezke:

Erregai sintetikoak.- Erregai sintetikoen proiektuak 58 milioi euro inguruko inbertsioa ekarriko du lehenengo fasean, eta egundoko aurrerapausoa izango da nekez elektrifika daitezkeen sektoreak (distantzia luzeko garraioa, itsasokoa eta airekoa) deskarbonizatzea xede duen garrantzi eta potentzial handiko bidean.

Erregai sintetikoak egungo erregaiak (gasolinak, gasolioak eta kerosenoak) ezdeusaren pareko karbono-aztarnarekin ordezkatzeko gai diren erregai likidoak dira, eta bateragarriak dira egungo ibilgailuen motorrekin.

Bioerregaiak.- Bilboko portuan instalatuko den bioerregaien lehen proiektuan, 29,2 milioi euroko inbertsioa egingo da lehen fasean, eta gasa sortuko da hiri-hondakinetatik abiatuta. Proiektu honen bitartez, arazo soziala bihurtu diren hondakinak aprobetxatuz, industria-prozesuen deskarbonizaziorako soluzioa lortu da. 

Hidrogenoa.- Petronorrek hidrogeno berriztagarria elektrolisi bidez hiru fasetan ekoizteko instalazio bat martxan jarriko du, 112 MWeko potentziarekin. Horrez gain, hidrogenoa hondakinetatik eta biomasatik abiatuta ekoizteko ere lan egingo du.

Hidrogeno berriztagarria hidrogenoaren ekonomia sendotu eta garatzeko erabiliko da, Hidrogenoaren Euskal korridoretik (BH2C) abiatuta. Helburua hidrogeno berriztagarriaren erabilerak sortzea da, industria deskarbonizatzeko, mugikortasunaren arloko erabileretarako, eta erregai sintetikoak eta bioerregaiak ekoizteko.

Sorkuntza banatu iraunkorra.- Egun garatzen ari den Tokiko Energia Komunitateen ereduaren bidez, herritarrek energia iraunkorra sortzen lagundu ahal izango dute beren udalerrietan. Komunitate hauek herritarrek eta saltokiek behar duten energia elektrikoaren %25 sortzen dute, eta gainerako %75 jatorri berriztagarriko energiaren baterako erosketaren bitartez osatzen da. Horrela, elektrizitatearen fakturari dagozkion aurrezkiez gain, herritarrek kontsumitutako energia uneoro %100 berriztagarria dela ziurta daiteke.