World Maritime Week 2021, nazioarteko itsas topaketa BECen

Bilbao Exhibition Centren antolatuko da urriaren 5etik 7ra bitartean WORLD MARITIME WEEK 2021 deritzon nazioarteko itsas-sektorearen erreferentziazko topaketa, eta aldi berean, nazioarteko 5 kongresu egingo dira sektore eta gai hauen inguruan: ontzigintza (SINAVAL), arrantza (EUROFISHING), portu-jarduerak (FUTUREPORT), olatu, marea zein korronteen energia (OCEAN ENERGY CONFERENCE), eta petrolioa eta gasa Upstream nahiz Downstream modalitateetan (OIL&GAS CONFERENCE), zeinean Petronor-Repsolen ordezkariek parte hartuko duten.

Hainbat hitzaldi eta networking programa espezifikoren bitartez eta partekatutako arloak eta jarduerak tarteko, erakusketa-eremua eta inaugurazioko osoko bilkura kasu, maila goreneko ordezkariek eztabaidan jardungo dute sektoreak lan-eremu desberdinetan dituen gairik garrantzitsuenei buruz.

Bost kongresuetako lantaldeak lanean hasita daude jadanik hainbat hitzaldi eta kongresu-jarduera dituen programa zabala diseinatzeko, eraldaketa digitala, jasangarritasunerako trantsizioa eta zeharkako zein gaurkotasunezko bestelako gaiak jorratzearren.

Sektoreen arteko interakzioari dagokionez, profesionalen arteko zuzeneko harremanak sustatzea xede duen B2B programa izango da topaketaren gune baloratuenetako bat, aurreko edizioetan bezalaxe.

WORLD MARITIME WEEK Europa mailan parekorik ez duen foroa da. Hirugarren edizio honetan, inoiz baino gehiago, ekitaldia itsas-sektorearen topagune estrategikoa bilakatuko da, harremanak aktibatzeko, aukera berriak sortzeko, eta ezagutza, teknologia zein inbertsiorako eskuragarritasuna errazteko.