Abian da II. Bilbao Petronor Eko Rallyearen bigarren etapa, Gorka Marro eta Ander Marro liderrak direla

Gorka Marro eta Ander Marro proban zehar.
Gorka Marro eta Ander Marro Lurauto-RPMV taldekoak, BMW i3 autoarekin, lider bezala abiatuko dira gaur II. Bilbao Petronor Eko Rallyearen bigarren etapan. Probak parte-hartzeari dagokion munduko errekorra hautsi du, izan ere, azkenean irteera hartu zuten 57 ibilgailuak, guztiak energia alternatiboek mugituak, lehiatzen ari dira guztira gidatzean eraginkorrenak direla frogatzeko, batez besteko zenbait abiadurari eta kontsumo baxuei eusteko gaitasuna puntuatuko dien bi eguneko norgehiagoka honetan.

Bizkaiko Motorzaleen Errege Elkarteak, Petronorren eta Bilboko Udalaren babespean, eta EVE, Lurauto eta IBILen laguntzaz, antolatutako froga honetan ibilgailu elektrikoek eta hibridoek baino ez dute parte hartuko, eta 400 kilometro ondoz ondoko bi etapatan egin beharko dituzte.

II. Bilbao Petronor Eko Rallyea atzoko etapan FIA e-Rally Regularity Cup Koparako puntuagarria izan zen eta gaurko etapan Energia Alternatiboen Espainiako Lehiaketarako puntuagarria izango da.

Irteera eta helmuga Guggenheim Museoko zelaigunean daude, eta inguru horrexetan publiko guztientzako jarduera ludikoak antolatu dira gaur. 11:00etatik 20:00etara bitartean, bertaratutakoek ibilgailu eta prototipo elektrikoen erakusketa batez edota umeentzako scalextric-zirkuitu batez gozatzeko aukera izango dute.

II. Bilbao Petronor Eko Rallyearen barruan, baina lehiaketatik kanpo, 30 Koparen I. edizioa jokatuko da bihar, Bilboko kaleetan egindako gidatze iraunkorra saritzeko.