Repsol Taldeak eta Enagasek hidrogeno berriztagarria ekoitziko dute Estatuan

Repsol Taldeak eta Enagasek Estatuan hidrogeno berriztagarria ekoizteko akordioa sinatu dute. Akordio historiko honi esker, Espainia energia alternatiboen nazioarteko potentzia bihur daiteke, erregai fosilak itzulerarik gabeko egoerara iritsi diren honetan.

Repsol Taldeak eta Enagasek % 50nako partaidetza dute proiektu honetan. “I+G+B arloko proiektuak laguntza finantzarioa izan du ikerketa-faseaz geroztik, bai Estatuan Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren eskutik (CDTI), bai Europan ere, Europako Eskualde Garapeneko Funtsek (FEDER) kofinantzatuta. Orain, garapen-faserako, proiektua EBko Berrikuntza Funtsaren (Innovation Fund) finantzaketa jasotzeko hautatu dute, eta honi esker, lehenengo frogaketa-instalazioa eraiki ahal izango da Puertollanon”,  Tomás Malango Repsoleko Hidrogenoaren arloko zuzendariak adierazi duenez.

Hidrogeno berriztagarria deritzo, ekoizpen-prozesuari lotutako CO2 isurpenik gabe sortutako hidrogenoari. Funtsezko osagaia izango da klima-aldaketari aurre egiteko, CO2a izan baita, hain zuzen ere, klima-aldaketaren eragile nagusia, berotegi-efekturik handiena eragiten duen gasa den aldetik.  “Hidrogenoa ekoizteko prozesu konbentzionalak isurpen handiak eragiten dituenez gero, prozesu honetan hidrogeno berriztagarria sartzeak industria-sektoreak eta garraioa deskarbonizatzen lagunduko du”,  azaldu du Malangok.

Hidrogenoaren ekoizpena askoz ere industria erresilienteagoa izan daiteke egungo nahiz etorkizuneko krisien aurrean. Repsol Taldearen eremu petrokimikoak giltzarrizko osagaiak dira Estatuan hidrogenoaren inguruan sortzen ari diren zenbait aliantza eta ibar estrategikotan. Hauen adibideetako bat dugu Euskadin, Petronor, izan ere, konpainia hau hidrogenoaren inguruko zenbait proiekturen buru bihurtu da. Energia-iturri berri honi esker, Espainia energiaren arloko munduko potentzia bihur liteke.

“Repsol Taldeak inbertsio handiak tarteko dituzten industria arloko proiektu handiak abiaraziko ditu hidrogenoaren balio-kate osoan, eta horrek milaka milioi euroko inpaktua izango du ekonomian, hamarnaka mila lanpostu sorraraziz, zuzenekoak, zeharkakoak zein eragindakoak; horietako asko, balio erantsi handiko sektore teknologiko eta industrialetan”,  jakinarazi du Repsoleko Hidrogenoaren arloko zuzendariak.