Txakurrek Muskiz hartuko dute azaroaren 28an Txakurtrailean

Muskizko Lau Urrats Txakurtrail 2021 lasterketaren kartela.
Datorren azaroaren 28an, Muskizko Lau Urrats Txakurtrail 2021 lasterketa egingo da Muskizen. Euskadiko Txakurkros Ligarako puntuagarria den froga honek Lau Urrats elkarteak antolatu du,  Udalarekin eta Amarok‑ekin lankidetzan, eta Petronorren babesa dauka. Bi modalitate egongo dira: 8 kilometroko ibilbideko Muskizko Lau Urrats Txakurtrail 2021, eta 4 kilometroko txakurkrosa.

Parte hartzeko interesa duten guztiek www.sportmaniacs.com webgunearen bidez eman ahal izango dute izena. Gehienez 120 korrikalari bildu ahalko dira eta lasterketa luzearen prezioa 15 eurokoa da, txakurkrosarena, berriz, 10 eurokoa. Gogoratu beharra dago, txakurrek gutxienez urte eta erdi izan beharko dutela eta gehienez 10 urte. Horrez gain, txipa eta dagozkien txertoak jarrita izan behar dituzte.

Hitzordua goizeko 8:00etan hasiko da. Dortsalak Muskizko Ikastolaren ondoan jaso beharko dira eta parte‑hartzaileei albaitaritza- eta material‑kontrolak egingo zaizkie. Goizeko 10:00etan, 8 kilometroko Muskizko Lau Urrats Txakurtrail proba abiatuko da, zeinak paisaia natural ederrak zeharkatuko dituen. Geroago, 11:30ak aldera, 4 kilometroko herri‑lasterketaren txanda izango da. Horren ondoren, 12:30ean, sari-banaketa egingo da.