Euskadin antolatu da World Economic Forumek sustatutako “zero isurpen garbien aldeko” ekimeneko munduko klusterren lehen topaketa

Javier Contreras Enagaseko kontseilari delegatua; Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea; José Ignacio Zudaire BH2C-ko Elkarteko presidentea eta Petronorreko Giza zein Antolaketa, Erakunde Harremanen eta Ekonomia eta Finantza sailaren zuzendaria; eta Aitor Urzelai SPRI-ko zuzendari nagusia, gaur.
World Economic Forumek (WEF) Euskadin egingo du gaur eta bihar, apirilak 7 eta 8, “industria-elkarteek zero isurpen garbietara egin beharreko trantsizioa” delako ekimena osatzen duten munduko bost klusterren arteko lehen topaketa, eta horrexetan parte hartuko dute, oraingoz, Hynet Cluster (Erresuma Batua), Zero Carbon Humber (Erresuma Batua), Kwinana Industrial Area (Australia), Chemelot (Herbehereak) eta Basque Net Zero Industrial Super Cluster erakundeek.

Saioak BECen eta Accenturek Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duen zentro espezializatuan antolatuko dira, ekimenean parte hartzen duten nazioarteko klusterrak konektatu eta horren gobernantza-eredua zehazteko asmoz, Basque Net Zero Industrial Super Cluster delakoaren ezaugarri eta aktibo nagusiak ezagutzera emateaz gain. Era berean, ekitaldiak denbora-tarte bat eskainiko du luze gabe ekimenarekin bat egitea aurreikusi duten kluster berriekin konektatu ahal izateko.

“Industria-klusterrek zero isurpen garbietara egin beharreko trantsizioa” deritzon ekimena World Economic Forumek sustatu du The Electric Power Research Institute (EPRI) eta Accenturerekin batera, 2050ean zero isurpen garbi lortzeko helburuari begira.

WEFeko Joanna Kolomanskak eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak parte hartu dute, baita Basque Net Zero Industrial Super Clusterraren industria eta enpresa arloetako egungo ordezkariek (Petronor eta Iberdrola, Energia Klusterra, Aklima, Siderex, AFV eta Paperaren Klusterra) ere, Eusko Jaurlaritzako eta SPRIko ordezkariekin batera.

Petronorren izenean, José Ignacio Zudaire Giza zein Antolaketa, Erakunde Harremanen  eta Ekonomia zein Finantza saileko zuzendariak hitz egin du, eta haren esanetan, “ziur gaude Basque Net Zero Industrial Super Cluster dela zehazki behar duguna. Baina ez da nahikoa estrategia ona izatea; helburu hori lortzeko, proiektuak ere behar ditugu. Horren harira Hidrogenoaren Euskal Korridorea da proiektuak garatzeko ekimen nagusietako bat, sineste osoz sinesten baitugu hidrogenoa soluzioaren osagaia dela. Horregatik eutsi diogu, Euskadin hidrogenoaren ekosistema sortzearen aldeko apustuari”, adierazi du.

Hain zuzen ere, Hidrogenoaren Euskal Korridorea izan da ezagutzera eman dituzten ekimenetako bat, izan ere, Petronor buru duen proiektu honek 73 enpresa eta erakunde baino gehiago partaide eta 40 proiektu ditu abian, 2026ra arte 1.500 milioi euroko inbertsioa sustatzeko asmoz.