Taldean egindako etenaldia

Alberto Prado eta Vicente Moreno.
Etenaldietan Petronorren antolaketako sail kopuru garrantzitsu batek parte hartu ohi du. Eraginik handiena etenaldia egin beharreko eragiketa-arloei dagokie; kasu honetan, FMUari eta Konbertsioari, izan ere, bateko zein besteko teknikari eta operadoreei eguneroko lana biderkatu ohi zaie.

Alberto Prado, C Txandako burua, etenaldian laguntzeko liberatu dute. Haren esanetan, etenaldia ohi den moduan garatzen ari da, “lan gehiagoko eta lan gutxiagoko egunak tarteko”, izan ere, “ekipoak irekitzean, beti agertzen da espero genuen baino zeregin gehiago”, eta horren ondorioz lanak zertxobait gehiago atzeratu ohi dira, baina “jardun honek 5 urteko beste ziklo baterako balio du, eta ahalik eta ondoen utzi behar da”.

Etenaldi guztietan plangintza zehatza egin behar da, “eta horixe da zailena”, Pradok aitortu duenez; bere kasuan, “gune konfinatuetarako baimenak kudeatzea da konplikatuena”. Gainera, findegiko langileen lana modu esponentzialean biderkatu ohi dela nabarmendu du, “eta ondorioz, kontrolatu beharreko zeregin asko daude, eta jende-kopuru handi-handia. Etenaldian, operadoreek instalazioak zaindu behar dituzte, baina kontratistek egin beharreko lanak ere, eta jendearekin hitz egin behar dute, den-dena behar bezala egiten ari dela eta ekipoak nahi dugun bezala geratuko direla egiaztatzeko. Oso harreman ona dago Petronorreko eta enpresa kontratistetako langileen eta etenaldiko lantaldearen artean”.

Cartagenako findegian Arloko buru dabilen Vicente Moreno otsailaren 6an iritsi zen Petronorrera, taldeei harrera egiteko eta horien baimenak kudeatu eta banatzeko, unitateak geldiarazteko prozesuan laguntzeaz gain. Hauxe da Muskizko findegira etorri den lehen aldia eta beren-beregi nabarmendu ditu “egin diguten harrera ezin hobea eta hemen dagoen giza-talde bikaina. Sailen arteko harremana oso ona etenaldiaren kudeaketari dagokionez, eta horrek lana errazten du”. Petronorren dagoen lan egiteko modua ere goraipatu du: “zerbait egin behar denean, jende guztia elkartzen da bat-batean, lana aurrera ateratzeko erabilgarri dauden baliabide guztiak eskainiz, helburu argia baitute, eta hori izugarri gustatzen zait. Hau da, hemen, oso gaitasun ona dute planifikatutakoari eta planifikatu gabe dagoenari erantzuteko”.

Tamaina honetako etenaldi batean, aldez edo moldez, findegiko ia sail guztiek parte hartzen dute: Geldialdiak, Mantentze-lanak, Fidagarritasuna, Ingeniaritza, Erosketak eta Kontratazioak, Segurtasuna, Prozesuak, Kalitatea eta Ingurumena, Informazio Sistemak, Optimizazioa eta Kontrola, eta abar. Etenaldi honen berariazko organigramak 180 pertsona ditu, gehi jardun beharreko unitateetako txandakako langileak. Garrantzi handiko eragina, amaierako helburua bete ahal izateko: instalazioak mantentze-lanetako teknikariei modu seguruan eskaintzea, egin beharreko lanak egin eta 5 urteko beste ziklo baterako ahalik eta ondoen itzul ditzaten.