Aner Campo Mendiz Mendi taldeko txirrindularia, txapeldunorde Muskizko Mini Green Series proban

Mendiz Mendi-Omar Fraile Eskolako taldea, BTT Eskolen XXI. Bileran, Muskizen.
Mendiz Mendi-Omar Fraile Eskolako Aner Campo txirrindulariak bigarren postua lortu zuen, larunbatean, BTT Eskolen XXI. Bileraren barruan, Muskizko Kobaron auzoan izandako Bizkaiko Mini Green Series-erako proba puntuagarrian.

Bizkaiko eta Bizkaitik kanpoko hainbat udalerritatik etorritako haur gazteenak, benjaminak, kimuak eta haurrak kategorietako 350 txirrindulari inguruk parte hartu zuten larunbatean Mendiz Mendi Taldeak, Muskizko Udalaren eta Petronorren laguntzaz, antolatutako BTT Eskolen XXI. Bileran. Topaketa honen baitan Bizkaiko Mini Green Series-erako laugarren proba puntuagarria egin zen (haur kategorian puntuagarria bakarrik). Gizonezkoetan Paul Mendizabalek lortu zuen garaipena, Mendiz Mendi-Omar Fraile Eskolako Aner Campo bigarren izan zen eta Iker Sanz hirugarren. Emakumezkoetan Laia Lera izan zen irabazlea, Adriana Gonzalezek bigarren postua lortu zuen eta Ane Fernandez hirugarrena.

Bizkaiko Mini Green Series txapelketako gizonezkoen sailkapen nagusiari dagokionez, Aner Campo dago lehen postuan, Paul Mendizabal bigarren eta Iker Sanz hirugarren. Emakumezkoetan, Irati Campo dago buruan, Laia Lera bigarren eta Maddi Arranz hirugarren.

Aipatzekoa da Mendiz Mendi-Omar Fraile Eskolako txirrindulariek Kobaronen jokatu zuten paper ona.  2.uUrteko haur kategoriako Jon Angulok bosgarren postua lortu zuen Muskizen izandako proban; Marcos González izan zen lasterketa amaitu zuen 1. urteko haur mailako lehena, eta Alain Rios hirugarrena. Zorionak!