José Ignacio Zudaire: “H2SAREA proiektua Euskadik erronka bat, deskarbonizazioa, gure lurraldeko garapen teknologiko industrialerako aukera bihurtzeko duen estrategiaren adibidea da”

Javier Contreras Nortegaseko kontseilari delegatua, José Ignacio Zudaire Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidentea, Jesús Valero Tecnaliako zuzendari nagusia eta Iñaki Alzaga Nortegaseko presidentea, Iñigo Urkullu lehendakaria agurtzen.
“Trantsizio energetikoko prozesu batean murgilduta gaude, eta azken gertakariek, Errusiak Ukraina inbaditu izanak, moteldu beharrean, bizkortu baino ez dute egin. Europarrak garen aldetik, deskarbonizazioaren helburu nagusia mantentzen dugu, klima-aldaketaren aurkako borrokarako oinarrizko bektore gisa, baina azken aldian agian gutxi presente egon den beste zutabe batekin lotuta, horniduraren segurtasunarekin, alegia. Testuinguru horretan, hidrogeno berriztagarriaren aldeko apustua erabat indarrean dago. Hasieratik, Euskadin, hidrogenoaren ekonomiaren inguruan ekosistema bat sortzean oinarritzen zen estrategia diferentzial batekin abiatu ginen, haren garapena errazteko. Erronka bat, deskarbonizazioa, gure lurraldeko garapen teknologiko industrialerako aukera bihurtzeko estrategia. Gaur aurkezten dena bezalako proiektuak estrategia horren adibide garbia dira, enpresa baten lidergoarekin, kasu honetan Nortegas, hidrogenoaren garraioaren beharrei erantzuteko aukera emango duen teknologia garatzeko, elkarlanean, proiektu bati ekiten zaio”,  adierazi du José Ignacio Zudaire Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidenteak, Nortegasko H2SAREA proiektuaren inaugurazio-ekitaldian.  

Nortegaseko H2SAREA proiektua bakarra da estatu mailan, eta gaur egun gas naturala erabiltzen duten azpiegituren eta ekipoen mugak aztertzen ditu, bai etxeko instalazioetan, bai instalazio industrialetan, hidrogenoarekin nahastuta dagoenean, portzentai gero eta handiagoetan. Proiektu honek, gainera, irtenbide teknologiko berriak garatzen ditu, hidrogenoaren etorkizuneko ekonomiaren behar energetikoetara egokitzeko aukera emango dutenak.

H2SAREA aurkezteak proiektu berritzaile eta ezinbesteko bat sendotzea dakar, gas naturalaren egungo sarea etorkizunean erabili eta eraldatu ahal izateko, hidrogenoaren ekonomia garatzeko irtenbide eraginkorrenaren zati gisa.

Proiektu honen emaitzak baliagarriak izango dira eragile arautzaileei hurrengo urrats eta proposamen zehatzak proposatzeko, benetako esperientzietan oinarrituta, eraldaketa horren ezarpena gauzatu ahal izateko.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren HAZITEK programaren barruan dago, Nortegas buru duela, eta partzuergo bateko kide da. Partzuergo horretan, euskal industria-sareko enpresa garrantzitsuak ari dira lankidetzan, hala nola ABC Compresores, C.A.E., S.L., FIDEGAS, H2Site, Erreka Fastening Solutions eta Orkli. Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko bi teknologia-zentro nagusiren laguntza du: Tecnalia eta Ikerlan; eta Hidrogenoaren Zentro Nazionalarena, eremu horretan erreferentzia baita estatu mailan.

José Ignacio Zudairez gain, Iñaki Alzaga Nortegaseko presidentea eta Javier Contreras kontseilari delegatua izan dira inaugurazio-ekitaldiko buruak. Bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Igotz López Torre Zamudioko alkatea, Esther Apraiz Derioko alkatea eta euskal industriaren arloko kide nabarmenak.