Brufauk “euskal, espainiar eta europar industria-ehuna” defendatu du, trantsizio energetikoaren inguruko “politika maximalisten” aurrean

Antonio Brufau, Elkargiren Enpresa-Topaketan.
Antonio Brufau Repsoleko presidenteak emisioak murrizteko “oso eraginkorrak izan daitezkeen teknologiak” ez ukatzeko eta “2035ean barne-errekuntzako motorrak debekatu” nahi dituzten “Europako politika maximalistak” alde batera uzteko eskatu du. Hala, prozesu iragankor bat defendatu du, denbora luzez, erregai fosil horiek karbono-intentsitate txikiagoko energiekin ordezteko; izan ere, horiek ezin baitira nahitaez elektrifikazioarekin lotu.

Brufauk Elkargiren 32. Enpresa-Topaketan parte hartu du gaur goizean, Gipuzkoako hiriburuan, ‘Egungo ekonomia bere transformazioarenn aurrean’ lelopekoan. Foro horretan gogorarazi du Nazio Batuen Erakundeko aditu-taldeak defendatzen duela, klima-aldaketari dagokionez, garraioak erdira murriztu behar dituela isurketak 2050ean, ibilgailu elektrikoa eta karbono-intentsitate txikiagoko erregaiak dituen errekuntza-ibilgailua konbinatuz. Ildo beretik, “Europako, Espainiako eta Euskadiko industria-ehuna” ez ahaztea eskatu du, horrekin bateragarria den trantsizio energetikoaren etorkizunaren alde joz.

Etorkizunari epe labur eta ertainean aurre egiteko modu gisa, Brufauk defendatu du hidrogenoaren garapena elementu handi bat dela elektrifikazioa iritsi ezin den eremuetan. Testuinguru horretan, hainbat proiektu balioetsi ditu, hala nola Repsol/Petronor-ek Bilboko Portuan duen Deskarbonizazio-Huba, Portuaren “logistika iraunkorra” edo ekonomia zirkularrarekin eta erregai sintetikoekin lotutakoak.