López Atxurrak José Ignacio Arrietaren figura aldarrikatu du, Euskadin “gaur egun ongizate-gizartea izan dezagun ahalbidetu” zutenetako bat izan zelako

Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak saria eman zion Agustín Markaide Eroskiko presidenteari.
Petronorreko presidente Emiliano López Atxurrak José Ignacio Arrietaren figura goraipatu zuen atzo, Euskadin “gaur egun ongizate-gizartea izan dezagun ahalbidetu”  zuten pertsonetako bat izan zenez gero. Bere ilobei zuzenduta, garrantzitsutzat jo zuen belaunaldi berriek jakitea “herrialde hau ez dela beti honela bizi izan: herrialde hau honela bizi da zuen aitona bezalako jendearen ahaleginari esker”.

López Atxurra honela mintzatu zen José Ignacio Arrieta Enpresa eta Gizarte Saria emateko egindako ekitaldian, maila orokorrean Eroskik eta Enpresa Txiki eta Ertainenean Alzola Basque Water-ek berori jasotzerakoan. Petronorreko presidentearen aburuz, “oraina eta etorkizuna esfortzuarekin, lankidetzarekin, kohesioarekin irabazten dira” eta, bide horretan, enpresek “kohesio sozialaren, adostasun sozialaren aktore izateko erantzukizuna” dute. “Etorkizuna kohesioaren, prestakuntzaren eta enpresa-bokazioaren pareko da”, erantsi zuen.

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiak orain hiru hamarkada baino gehiago José Ignacio Arrietak eta Eusko Jaurlaritzak egindako lana laudatu zuen, momentu “erabakigarri eta eraldatzailean, birmoldaketa industrial betean”, gaur egunera arte heltzen den ongizatezko gizartea ahalbidetzeko “aldaketa sozialaren oinarriak” jarri zituztelako. Hala, “gizarte kohesioa gaur egungo eta biharko Euskadiren aldeko inbertsiorik onena” dela iritzi zion.

José Ignacio Arrieta Saria 2019an sortu zen, besteak beste ekitaldiaren antolatzaile Estrategia Empresarial-eko enpresa editorearen presidente, Petronorreko kontseilari eta Eusko Jaurlaritzako Industria (1985-87) eta Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu (1987-91) izandakoaren oroimen eta omenez. Bokazio sozial handiaren jabe, azken sasoi horretan abian jarri zituen Pobreziaren aurkako Borrokarako Plan Integrala, Premia Sozialeko Laguntzak eta Gizarteratzeko Gutxieneko Diru-Sarrera, eta ondorioz Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren aitatzat hartua da.

Sariak jaso zituztenak Eroskiko presidente Agustín Markaide eta Alzolako zuzendari Patxi Casal izan ziren, eta ondoren Roberto Urkitza Estrategia Empresarial-eko kontseilari delegatu eta zuzendariak gidatutako solasaldia izan zuten Erantzukizun Sozial Korporatiboaz, iraunkortasunaz, Garapen Iraunkorreko Helburuez eta 2030 Agendaz.

Petronorren babespeko ekitaldian, Bizkaiko hiriburuko BBK Aretoan egindakoan, ehun bat ordezkari politiko, ekonomiko, sozial eta enpresa mundukoak bildu ziren, omendutakoaren senitartekoekin batera.