Bilbao Petronor Eko Rallyea bueltan da I. Euskadi Basque Country Trofeoarekin

Manu Núñez Petronor Innovación-eko zuzendaria, Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia, eta Goyo Zurro Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria, Eco Rallye-aren aurkezpenean.
Bilbao Petronor Eko Rallyea hiriko kaleetara itzuliko da asteburu honetan. Irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean egingo den hirugarren edizio honek 52 parte hartzaile inguru bilduko ditu; horietatik ia 44 ibilgailu elektrikoak dira, eta gainerakoak hibridoak, eta irteera nahiz helmuga Bilboko Itsas Museoko zelaigunean dituen 500 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, hiru etapatan. Berrikuntza gisa, aurten, hiru euskal lurraldeak zeharkatuko dituen etapa berezia jokatuko da larunbatean, eta pilotu-kopilotu bikoterik onenak Euskadi Basque Country Trofeoa jasoko du.

Ostiraleko eta larunbateko etapak Energia Alternatiboen Espainiako Lehiaketarako eta FIA Eco Rally Cup nazioarteko txapelketarako puntuagarriak izango dira. Gainera, igandean, Bilbao 30 deritzon proba egingo da berriz ere hiriko kaleetan zehar, 30 kilometro orduko gidatze iraunkorra saritzeko.

Eko Rallyeak adin guztietarako jarduera ludikoen programa berreskuratuko du eta, gidatzeko simulagailuak, umeentzako scalextric-zirkuitua, erakusketak, ibilgailu elektrikoen prototipoen aukeraketa eta kontzertu bat ere antolatuko ditu larunbatean, urriak 1, txikien zein nagusien gozamenerako.

Proba Bizkaiko Motorzaleen Errege Elkarteak antolatu du, Bilboko Udalaren eta Petronorren babesaz, eta Basquetour, Ibil eta Albaren lankidetzaz, besteak beste. Manuel Nuñez Petronor Innovación-eko zuzendariak frogaren aurkezpenean izan da Findegiaren izenean.