Lorena eta Naroa Renovales, Bikotekako Katxete Bola-joko Txapelketaren irabazleak

Gualber Atxurrak eta Iñigo de Loyola Ortuzarrek txapela eta trofeoa eman zieten Lorena Renovales eta Naroa Renovales irabazleei.
La Arenako Lorena eta Narona Renovalesek irabazi zuten igandean, Petronorren babesaz, Zierbenako La Arenako karrajuan izandako, Emakumezkoen Bikotekako Katxete Bola-joko Txapelketaren V. edizioa.

La Arenako karrajuko Lorena Renovales eta Narona Renovales bolariek 124-89 irabazi zieten Veronica Zurdo eta Ainhoa Hernandezi (Urioste), 40-26ko eta 78-53ko partzialekin. Iraide San Martin (Sanfuentes) eta Isabela Izquierdo (El Regato) hirugarren izan ziren eta Zuriñe San Martin eta Lainoa Garcia (Sanfuentes) laugarren.

Gizonezkoen mailari dagokionez, txapelketaren XVIII. edizioa izan zen, eta Liher Cortazar eta Aaron Ruiz Uriosteko gazteek garaipena lortu zuten Kike Calabozo (Urioste) eta Javi Gorostiaga (La Arena) beteranoen aurka jokatutako partidan, 208-198 emaitzarekin eta 89-88 eta 143-130 partzialekin. Joseba Gomez (Ugarte) eta Alex Torres (El Regato) hirugarren geratu ziren, eta Iñigo Tellitu eta Mikel Vega (Urioste) laugarren.

Sariak Gualber Atxurra Petronorreko Erakunde Harremanetako teknikariak eta Iñigo de Loyola Ortuzar Zierbenako alkateak banatu zituzten. Gainera, lehiaketa amaitzean, Uriosteko dantza taldeak erakustaldia eman zuen.