Ez dago trantsizio energetikorik autonomia estrategikorik eta horniduran segurtasunik gabe

Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak, Mexikoko Ingeniaritza Akademiak eta Ingeniaritzako Errege Akademiak antolatutako, “Ingeniaritza, Trantsizio Energetiko Eraginkorrerako Funtsezko Faktorea” izeneko solasaldian parte hartu du gaur, Espainian, Mexikon, Asian eta Estatu Batuetan geopolitika eta energia gaiak aztertzeko.

Bere hitzaldian, Emiliano López Atxurrak Errusiarekiko ezkontza energetikoaren haustura, Europar Batasunaren sendotasun geopolitikoaren erronka eta Europako ekialdearen eta mendebaldearen arteko oreka ezaugarri dituen testuingurua azpimarratu du.

Testuinguru horretan, adierazi du Espainiak jakin behar duela ez dagoela etorkizunik indar teknologikorik gabe, eta ez dagoela trantsizio energetikorik autonomia estrategikorik eta hornidura-segurtasunik gabe. Honela, EBk geopolitika teknologikoan lidergoa lortzeko lehian Txinaren eta AEBren aurrean duen erronka azpimarratu du,  “Europak trantsizio energetikoaren helburuak suspertu behar ditu, egungoak atzokoak baitira, ez gaurkoak, ezta biharkoak ere”.  Gainera, adierazi du ezin diogula ikuspegi estrategikoari eutsi  “teknologiari eta industriari bizkarra emanez. Teknologiarik gabe ez dago industriarik eta industriarik gabe ez dago berrikuntza teknologikorik”.

Gogorarazi du EB isuri globalen munduko % 8a dela, munduko biztanleriaren % 5,6 bakarrik izanik, eta Txina eta AEB % 29 eta % 14a direla. Halaber, esan du Ukrainako gerrak hautsi egin dituela Errusiaren hornidura-segurtasunak elikatutako Europako trantsizioaren oinarriak, eta Europaren agendan balioa eman behar zaiela Espainiaren posizioari eta Magrebeko eta Latinoamerikako indarrari.

Amaitzeko, esan du “maratoia dela, ez abiadura lasterketa bat. Teknologiako maratoi bat, non Europako gaitasun teknologikoak artikulatu behar diren”.