Pablo Uranga margolariaren ondarearen oroimenezko jardunaldiak 40 pertsona bildu ditu Salazar Jauregian

Ana Prestamerok margolariaren lan honen jatorrizko mihise batzuk aurkitu zituen.
Petronorren instalazioen barruan kokatuta dagoen Salazar Jauregiko atek 40 bisitarirentzat ireki ziren igandean, Pablo Uranga margolariaren ondarearen oroimenezko jardunaldi batean parte har zezaten, Ondarearen Europako Jardunaldien harira.

Jardunaldia Salazartarren Jauregian hasi zen, Ana Prestamero arte-adituak Pablo Uranga artista aurkezteko emandako hitzaldiarekin. Modu atsegin eta arinean, margolariaren estiloaren ezaugarri nagusiak eman zituen ezagutzera, baita inguruko lagunen garrantzia –Durrio eta Zuloaga, besteak beste–, eta kutsu historikoko artelanak egiteko jaso zituen enkarguak ere; hauen artean, olana batean erreproduzitu eta Muñatoizko Gazteluko harresietan jarri den zirriborroa, “Las Bienandanzas e Fortunas” liburuan oinarritua.

Gainera, hitzaldia prestatzean, Ana Prestamerok margolariaren lan honen jatorrizko mihise batzuk aurkitu zituen. Orain arte, Elena Uranga bilobak zeukan lanaren zirriborroa baino ez zen ezagutzen. Mihise horiek tapiz bezala eseki zituzten Sota familiaren egoitza apaintzeko, eta Ramon de la Sota industrialariak enkargatu zituen 1917an. Igandean, aurkezpenaren ondoren, Petronorren Salazar Jauregiko patioan ikusi ahal izan ziren Arte Subastas Bilbao enkante etxeari esker, Erandiotik Muskizera eramateko baimena eman baitzuen.

Mihiseak ikusi eta Urangak haietan irudikatutako eszena ikusi ondoren –Ahaide Nagusien nobleziako zaldunen arteko norgehiagoka Abadiñoko Muntxaraz dorrearen ondoan, 1465. urte ingurukoa–, Jauregiaren ezaugarri arkitektonikoak azaldu zizkieten bertaratutakoei, eta ondoren Muñatoiz gaztelura abiatu ziren. Bertan kokatu zen genealogiaren ikuspegitik Juan Sánchez de Salazar, eta olana berriaren aurrean, Lope García de Salazarren “Las Bienandanzas e Fortunas” liburuaren pasarte bat irakurri zen bertaratutakoen aurrean, idazlearen aitona Castro Urdialesen, 1399an, Marroquinen en eta Amorosesen arteko liskar batean hiltzeko moduan zauritu zutela kontatzen duena.

Jardunaldiaren amaieran, Amagoia García Ule muskiztarrak ekitaldirako mailegatutako Bienandanzas liburuaren 1884ko edizio inprimatuaren ale bat ikusteko aukera izan zen Maximiliano Camaron Liburutegi Nazionaleko zaharberritzailearen eskutik.

Gualber Atxurra Petronorren harreman instituzionaletako teknikariarekin batera, jardunaldian izan ziren Elena Uranga, margolariaren biloba, eta mihiseak enkargatu zituen Ramon de la Sota industrialariaren biloba.