Petronorrek, Bizkaia Zubiak eta Artechek elkarrekin berretsi dute Garapen Iraunkorreko Helburuekiko konpromisoa

Manu Núñez, bere hitzaldian zehar.
Petronorrek, Bizkaia Zubiak eta Artechek ‘Industria, berrikuntza eta azpiegitura erresiliente eta gizatiarrei’ buruzko mahai-ingurua egin zuten atzo Bilbon, BBK Kunaren egoitzan, eta Garapen Iraunkorreko Helburuekiko konpromiso irmoa agertu zuten, batez ere ‘BBK Kuna 2030 Kideak’ diren neurrian partekatzen duten bederatzigarrenarekiko, ekitaldiaren goiburuan aipatutakoarekiko hain zuzen.

Petronor Innovación-eko zuzendari Manu Núñezek azpimarratu zuen Petronorrek, Repsol taldeko kide den aldetik, “2050ean zero emisio garbi izango dituen konpainia izateko konpromisoa”  hartu duela, eta “horretarako bitarteko helburuak dituen asmo handiko ibilbide-orri bat finkatu”  duela. “Konpromiso horren emaitza izan da industria-zentroen eta karbono gutxiko erregaien merkatuaren eraldaketa gidatzeko estrategia berri bat hedatzea, trantsizio energetikoan eta klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera egiteko”,  gaineratu zuen.

“Estrategia hori industria-jardueraren beraren, gure prozesuetarako kanpoko energia-beharren eta gure bezeroen deskarbonizazioan laguntzeko produktuen deskarbonizazioan eta emisioen murrizketan oinarritzen da”,  Manu Núñezek azaldu zuenez.

Zazpi dira estrategia osatzen duten zutabeak: “eraginkortasun energetikoa, emisio gutxiko energia elektrikoaren ekoizpena, bioerregai aurreratuak, hidrogeno berriztagarria, erregai sintetikoak, karbonoa atzitzea eta erabiltzea eta ekonomia zirkularra”,  aletu zuenez. “Deskarbonizazioa hain erronka handia eta konplexua denez, berrikuntza, teknologia eta talentu guztiak beharrezkoak izango dira energia iraunkorra, segurua eta eskuragarria emateko”,  esan zuen.

Bizkaia Zubiak platinozko ezteiak bete zitueneko argazki liburu bat aurkeztu zuen ekitaldian (datorren urtean 130. urteurrena ospatuko du), eta Artechek bere jatorriaren eta garapenaren berri eman zuen, 175 herrialdetan dagoen egungo momentura arte.