Olatz Zabala eta Lur, Muskizko txakurtraileko irabazleak

Oihane Alonso Tom txakurrarekin, Olatz Zabala Lurrekin eta Maite Sánchez Kilirekin.
Olatz Zabala, Lur txakurrarekin, eta Pablo Ramas, Leorekin, izan ziren LAU URRATS klubak, Petronorren eta Muskizko Udalaren babesaz, antolatutako Muskizko Txakurtrail Lasterketaren irabazleak.

Guztira 90 korrikalarik hartu zuten parte, euren txakurrekin batera, joan den igandean, azaroak 27, Euskadiko Txakurkros Ligarako proba puntuagarri honetan. 8.5 kilometroko ibilbidea Muskiz inguratzen duten mendietako bidezidor, erreka eta pistetatik igaro zen. Ondoren, txakurkros lasterketa txikia izan zen, umeak kirol honetara hurbiltzeko.

Emakumezkoetan Olatz Zabala, Lur txakurrarekin, izan zen txapelduna, 41 minutu eta 3 segundoko denborarekin. Bigarren postua Oihane Alonsorentzat izan zen, Tom-ekin, eta hirugarrena Maite Sanchezentzat, Kilirekin.

Gizonezkoetan Pablo Ramasek lortu zuen garaipena Leorekin, eta 35 minutu eta 53 segundoko denbora egin zuen. Aitor Portillok Tularekin bigarren postua lortu zuen eta Ivan Verastegui, Gokurekin, hirugarren izan zen.

Maila lokalean, emakumerik ez zegoenez, lehen eta bigarren postuak saritu ziren: Aritz Iglesias Rolorekin eta Jon Garza Ferminekin.