López Atxurrak Abanto-Zierbenako Parke Teknologikoaren inaugurazioan azpimarratu duenez, “trantsizio energetikoa ez da harrokerien esprinta, sakrifizioen maratoia baizik”

Iñigo Urkullu lehendakaria Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoaren eraikin nagusiaren inaugurazioaren buru izan da.
Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak gaur goizean azpimarratu duenez, “Ezkerraldea eta Meatzaldea Euskadiko historia ekonomiko garaikidearen sorlekua dira” eta, horiek gabe, “ez ginateke garen erreferentzia industriala izango”. “Giza kapitala, kapital finantzarioa eta prestakuntza izan ziren industriaren garapena ahalbidetu zuten euskarriak”, jarraitu du, “eta orain, inoiz baino gehiago, herrialde oparo bat sortu zuten oinarrizko printzipioak puri-purian daude”. Testuinguru horretan, azpimarratu duenez “trantsizio energetikoa ez da harrokerien esprinta, sakrifizioz betetako maratoia baizik”.

Hala esan du Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoa abian jartzeko ekitaldian, Energy Intelligence Center (EIC) bertako eraikin nagusiaren inaugurazioan. 70 milioiko aurrekontuarekin, Hidrogenoaren Euskal Korridorea bezalako proiektu estrategikoak han garatuko dira, eta hidrogeno-hornidura zuzena duen lehen enpresa-gunea da, Petronorrek eta Nortegasek gauzatutako hidrogenoduktu bati esker.

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da ekitaldiaren buru, eta, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera esan duenez, EIC euskal industriaren “gunea” izatea espero du. Biak bertan kokatuko diren enpresetako ordezkari nagusiekin izan dira, besteak beste, Petronorrekoekin. Konpainiako presidenteak adierazi duenez, “EICk argi erakusten du nola heldu trantsizioari teknologiaren eta berrindustrializazioaren aldeko konpromisotik”.

“Hemen gaude, abizenik gabeko energia baten alde, neutraltasun teknologikoan eta inklusiboan oinarritutako trantsizio energetiko baten alde, deskarbonizazioaren zati garrantzitsu bati balioa emanez, hala nola zero emisioen helburuak betetzeko funtsezko erregai likido berriei. Hemen gaude hidrogenoaren garapenaren proiektu handia errealitate bihurtzeko”, gehitu du López Atxurrak.