Suge leun europarra, saurio irenslea
Petronorreko findegiaren inguruko baso eta zelai hezeetan bizi da Euskadin dauden ofidio iheskorretariko eta mesfidatienetariko bat, europar suge leuna, hain zuzen ere. Suge honek 60 cm eta 80 cm bitarteko luzera du horietatik bosten bat edo, isatsari dagozkionak.Arina da, lurrekoa eta egunez bizi da -nahiz eta udan gauez ere aktibo dagoen-. Europar suge leunak (Coronella austriaca), 60 zentimetro inguru neurtzen ditu orokorrean, nahiz eta zaharrenek 80 cm-tik gora ere neur dezaketen.
Baso irekietan, sastrakak dituzten hegaletan, sasiak dituzten lubetetan, belarra eta harriak dituzten bide-ertzetan, harri lehorreko hormetan, landare ugari dituzten errekastoen ertzetan aurki ditzakegu. Oro har, habitat lehorrak eta eguzkitsuak nahiago dituzte, baina eguzki ugari duten leku hezeetan ere egon daiteke.
Gure basoetan, itsas mailatik hasi eta 1.200 metroko altitudera arte aurki badezakegu ere, 2.200 metroko altitudera irits daiteke bere hedapen-eremuan. Europaren zati handi batean hedatuta dago (Iberiar Penintsularen iparretik hasita, Frantzia, Ingalaterra hegoaldea eta Italia, Eskandinavia hegoalde eta antzinako SESB-raino) eta Asia txikiko iparraldetik Iraneko iparralderaino.
SAURIOEN HARRAPARI AKTIBOA
Suge leun europarra Euskadin, eta baita Europa osoan ere, bizi diren muskerren eta sugandilen harrapari aktiboena da. Saurioek benetan dira haien beldur. Oso poliki mugitzen da eta haien errunaldietako arrautzak zein kumeak harrapatzen dituzte babeslekuetan sartzen direnean. Zelatan harrapatu ondoren, hormetan gora igotzen dira eguzkitan jartzeko.
Horma-sugandilaren bat, musker berde bat edo ziraunen bat inguruan duenean, haren gainera botatzen da, bat-batean, ahutzak irekita dituela, eta haginka egiten die.
Harrapakinaren konbultsio bortitzen aurrean, segundo bakar bat ere galdu gabe, bere gorputzarekin inguratzen du eta ito egiten du, ez baitio arnasa hartzen uzten. Harrapakina handia bada -muskerra- eta hiltzen ez bada, bizirik irensten du arazorik gabe. Karraskari txikiak ere harrapatzen ditu, satitsuak eta lursagu gazteak besteak beste, aho txikia duela eta, ezin baitu musker berde heldu baten neurriko harrapakinak irentsi.
Ikusi denez, arazorik gabe erasotzen die sugegorri txikiei eta bi espezie horiek lehiatu egiten dute elkarrekin.
Bere jarduera burutzeko 26-27 ºC da tenperaturarik egokiena. Oro har, ura saihesten du, ur-ibilgu lasaietan igeri ongi egiteko gai den arren.
KUME BIZIAK
Martxoaren bukaeran esnatzen da neguko lozorrotik eta hilabete edo hile eta erdiko elikatzeko aldiaren ondoren, araldian sartzen dira. Orduan, arrek borroka bortitzak burutzen dituzte emeak lortzeko.
Bikoteak eratu direnean, arrak emea inguratzen du eta barailekin eusten dio. 6 edo 7 orduz kopulatzen du posizio horretan.
Ekainean gertatu ohi da hori, emeen obulazioaren ondoren, zeina lehenengo hamabostaldian gertatzen den. Zenbait egun beranduago, bikote berbera elkar daiteke berriz ere.
Espezie obobibiparoa denez, hau da, kumeak amaren gorputzaren barruan garatzen dituena, hiru hile inguru irauten dituen ernaldiaren ondoren, emeek kumeak erditzen dituzte - 2 eta 16 bitartean, nahiz eta gehienetan 4 eta 9 bitartean diren- irailaren bukaeran, eta berehala askatzen duten mintz batez inguratuta kanporatzen dituzte. Une horretatik aurrera, erabat independentea den bizimoduari ekiten diote eta kume bakoitzak bere bidea jarraitzen du. Gazteek, jaiotzen direnean 17 eta 20 zentimetro bitartean dutenak, gris kolorea dute, bizkarraldean bi lerro beltzekin. Berez dira independenteak, eta janari bila sakabanatzen dira. Intsektuak eta sugandila txikiak jaten dituzte funtsean.
Urriaren bukaeran, babeslekuetan sartzen dira helduak zein gazteak, hibernatzeko.. Arrek bi urte eta hiru urteen artean lortzen dute heldutasun sexuala, 40 zentimetro luze inguru direnean. Emeak, aldiz, bi urte edo bi urte eta erdi behar izaten dituzte heldutasuna lortzeko, 5 urte dituztenera arte ez baitira sexualki harkorrak. 4 urte dituztenean estaltzen hasten badira ere, ez dute lau urte eta erdira arte obulatzen eta bost urte dituzten arte ez dute lehenengo aldiz "erditzen".
Bi araldi izan ohi dituzte emeek, bata martxoaren erditik apirilaren bukaera arte eta bestea irailaren erdialdetik urriaren hasierara arte. Arrak, aldiz, martxoaren eta urriaren bitarteko edozein unetan estali dezakete, haien hodi espermatikoek beti baitituzte espermatozoideak.
ARRISKUA
Nahiz eta minik egiten ez duen espeziea izan, molestatuz gero biperen antzerako jarrera erasotzailea edo babesekoa jarrai dezakete eta kasu okerrenetan haginka ere egin dezakete, baina kloakako guruinek askatzen duten kiratsa darien jariakinak botaz defendatzea da ohikoena. (Defentsarako mekanismo hori elikagaia izan daitekeen hori usain horrengatik uztea nahiago izaten duten animaliari dago zuzenduta).
Ahoa guztiz ireki dezakeenean eta gizakiaren hatza edo eskuari haginka egitea lortzen duenean, ahoaren ertzaren gainean duen guruin ñimiño batek isuritako toxinak erabil ditzake -helduek miligramo 1 bakarrik isuri dezakete-, baina hauek ez dira gizakiarentzat kaltegarriak (jaten dituen harrapakinetan bakarrik du eragina). Sarri, biperekin nahasten ditugu eta inolako errukirik gabe akabatzen dituzte baserritarrek eta txangozaleek.
BITXIKERIAK
Oso mesfidatia eta iheskorra denez, oso zaila da naturan aurkitzea, udako egun berotsuetan eguerditik arratsalde erdira arte gehienbat, harrien azpian ezkutatzen baita. Egunaren gainerakoa itzalaren eta eguzkiaren artean atseden hartzen igarotzen du, beti sastraken artean babestuta edo erdi-ezkutatuta.
Oso gutxitan ikusten da zelaiaren erdian egon daitekeen harriren batean etzanda, inguruan arriskua egonez gero ezkutatzeko moduko landareak ez baditu.
Goizeko lehen orduetan aritzen da gehien.