Petronorrek, Arabako Foru Aldundiak eta Talgok hidrogenoaren ekonomia bultzatuko dute lurraldean

Emiliano López Atxurra, Ramiro González eta Carlos Palacio Oriol, akordioa sinatu ondoren.
Petronorrek, Arabako Foru Aldundiak eta Talgok bat egin dute Araban hidrogeno berriztagarriaren ekonomiaren garapena bultzatzeko. Hiru erakundeek hidrogeno berriztagarriaren inguruko garapen industriala eta teknologikoa bultzatuko duen aliantza sinatu dute. Horrek Arabako enpresei modu iraunkorrean hazteko aukera emango die, eta lurraldeari trantsizio energetikoan aurrera egiteko aukera emango dio.

Arabako Foru Aldundiak industriaren eta garraioaren deskarbonizazioa sustatzeko apustua egin du, hartara eguneratze teknologikoa bultzatzeko, hidrogeno berriztagarria —erregai gisa— oinarri duen mugikortasun iraunkorra ahalbidetu ahal izateko. Bada, Aldundiaren apustu hori dela eta sortu da aliantza, eta irekita dago bat egin nahi duten erakundeei. Gaurtik aurrera, Petronor eta Talgo enpresen eskutik egingo du aurrera, agertoki horretarantz.

Zehazki, Petronorrek behar diren azpiegiturak garatuko ditu hidrogeno berriztagarri lehiakorra hornitzeko, Arabako industria eta garraio sektoreko enpresak zuzkitu ahal izateko. Helburua da karbono gutxiko hidrogenoa pixkanaka sartzea, hidrogeno berriztagarriaren kontsumo osoa lortu arte.

Talgoren ekarpenari dagokionez, konpainiak Vittal One trena garatzeko proiektua gauzatuko du Ribabellosan (Araba) dituen instalazioetan. Trena aldiri-eskualdekoa izango da, hidrogenoz ibiliko da eta Hidrogenoaren Euskal Korridorean sartuta dago.

Emiliano López Atxurra Petronorreko presidentearen arabera, “gaur sinatutako akordio hau beste urrats bat da hidrogeno berriztagarriaren aldeko apustu publiko-pribatua sendotzeko, hidrogeno berriztagarria trantsizio energetikoari ekiteko funtsezko energia iturritzat hartuta, erabakigarria izango baita mugikortasunaren eta industriaren deskarbonizazioan. Aldi berean, aukera paregabea da hura sendotzeko beharrezkoa den balio kate tekno-industriala garatzeko”.

Ramiro González ahaldun nagusiak bere hitzaldian adierazi duenez, “hidrogenoa beharrezkoa da trantsizio energetikorako eta klima aldaketaren aurkako borrokarako, eta akordio honek erakusten du administrazioek eta enpresek konpromiso sendoa dugula bide horren bidez deskarbonizazioan aurrera egiteko”.

Azkenik, Carlos Palacio Oriol Talgoko presidenteak adierazi duenez, “gaur sinatu dugun akordioa, zalantzarik gabe, mugikortasun deskarbonizatu eta iraunkor baten etorkizuna da, eta aliaturik onenekin ari gara lankidetzan, hots Petronorrekin eta Arabako Foru Aldundiarekin. Hidrogeno trena errealitate teknologikoa da dagoeneko; Talgo ari da hura garatzen bere teknologiarekin, eta martxoan hasiko gara probak egiten”.

Prentsa oharra, hemen.